XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Medinako kontearen jauregirantz, Panamako bikain eta nabarienetariko zen hartarantz, On Rafaelek gidatzen zituen herio mehatxupean.

Filibustariak presa zuen hari ihes egitea eragotzi eta Yolandaz jabetzeko.

Zenbait presorengandik jakin zuenez, oraino hirian zegoen, baina Perura ihes egiteko prestamenak eginak zituen eta horretarako untzi bat fletaturik ere bai.

Seguraski, filibustarien ustegabeko erasoak ez zion garaiz ihes egiten utzi.

Ordu laurden geroago, ihesian zihoazen jende multzoen artetik, enparantza zabal batera iritsi zen destakamendua.

Beronen erdian bi bizitzako etxe eder-eder bat ageri zen, sarrerako atalburuan kontearen harmarria zuela: bi lehoi erpekari zelai urdinean.

Zerbitzari asko zihoan ihesi memento hartan, pardelez zamaturik, gauza baliotsuz beteak agian.

Harmaturiko giza destakamentu hura ikustean, dena lurrera bota zuten hobeki ihes egiteko; baina Pierre Pikardoa garaiz heldu zen haietarik bat gera arazteko.

- Ez nazazu hil!- egiten zuen oihu gizajoak -. Morroi dohakabe bat naiz! - Horixe nahi genuen - esan zuen Pierrek-.

- Gure galderei erantzuten badiezu ez dizugu kalterik egingo.

- Non dago Medinako kontea?- galdetu zion Morganek, bi gizonek ataria hartzen zuten bitartean, inork ihes egin ez zezan jauregitik.

- Ez dakit, jauna - esan zuen morroiak zurbildurik.

- Pierre!- esan zuen Morganek -, gizon hau fusilpera ezazu, iruzur egin nahi baitugu.